Zuntz optikoa x-ra

Eskeman irudikatzen da nola aldatzen diren FTTx arkitekturak zuntz optikoaren eta kobrezko hariaren arteko distantziaren arabera. Ezkerretara ikusten den eraikina zerbitzu horniketako operadorea da eta eskuinekoa zerbitzu erabiltzaile baten eraikina.

Zuntz optikoa x-ra (FTTx ingelesez) komunikazioetako termino orokor bat da, sarbide tradizionala zuntz optikoa erabiltzen duen beste edozein sarbidek ordezkatzean datzana, bai osorik bai erdizka. Zuntz optikoak kobrezko haria baino informazio gehiago garraia dezakeenez eta distantziarekiko galera gutxiago duenez XX. mendeko kobrezko telefonia sareak ordezkatzeko ezin hobeak dira.[1]

FTTx akronimoa fiber to the esalditik dator. Hedatutako konfigurazioen orokortze gisa sortzen da (FTTN, FTTC, FTTB, FTTH...), eta azken letra horrek zuntzaren helmugaren arabera izendatzeko balio du (nodoa, espaloia, eraikina, etxea...).[2]

Datu transmisiorako metodo honetan oreka bilatzen da, zuntz optikoak eskaintzen duen abiadura eta banda-zabaleraren eta kobre harizko transmisio baliabideek eskaintzen duten prezio eta kudeatzeko erraztasuna. Zuntz optikoaren erabilera hornitzailetik ahalik eta urrunen luzatuko da transmisio onura horiez baliatzeko eta, helmugaraino iristean, kobrezko hari bidezko transmisio baliabideak erabiliko dira. Honela, asko errazten da prozesua banaketan edo instalazio berriak egiterakoan, eta kostuak asko jaisten dira. Kobre hari bidezko komunikazio hauetan gehien erabiltzen direnak kable pare bihurritua eta kable ardazkideak dira; hauek aurreko belaunaldiko instalazioetan erabiltzen ziren eta gaur egunekoetan berrerabili egiten dira.

FTTx gako garrantzitsua izan da azken urteetako sarearen berrikuntzan eta sendotzean. Horrek bermatu du erabiltzaile guztientzat abiadura altuko eta gaitasun handiko Interneterako konexioa egotea, eta zerbitzuaren kalitatean estandar batzuk egotea eta errespetatzea.

FTTx iritsi ez den lekuetan beste aukera bat hedatu da, HFC (Hybrid fiber-coaxial) deituriko teknologia. Honetan kable ardazkidea eta zuntz optikoa erabiltzen dira FTTx-n bezala, baina ez daude hainbeste aukera helmuga hautatzerakoan; izan ere, zuntzaren tartea nodo bateraino iristen da eta honetatik ardazkidearekin eramaten da erabiltzaileetaraino. Horretaz gain, gaur egun badaude Internet hornikuntzarako beste teknologia batzuk, adibidez: WiFia, WiMAXa, LTE...

  1. (Ingelesez) «How Fiber Optics Work» HowStuffWorks 2001-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  2. «FTTx | ¿Qué es? Diseño y pruebas de red de VIAVI» www.viavisolutions.com 2023-03-10 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).

Developed by StudentB